Lezetxikiko kobazulo mitikoak kultur ondare izaera onartu gabe izaten jarraitzen du, nahiz eta «historiaurreko aztarnategi garrantzitsu bat» izan, aditu askoren aburuz. Bitartean, aurtengo arkeologia indusketa lanak, «aurkikuntza ugari» eginda, bukatu dira jada. Hiru aste iraun dute.
|ARRASATE|30/07/2012
Arrasateko udalerrian (Gipuzkoa) dagoen Lezetxiki kobazuloan hiru aste
iraun duten indusketa lanak uztailaren 20an amaitu ziren, «aurkikuntza ugari»
egin ostean, Alvaro Arrizabalagak, indusketa lanen zuzendari eta EHU-UPVko
irakasleak, adierazi zuenaren arabera.
Kobazuloan egindako lanak bukatu ondoren, laborategi lanak hasi beharko
dituzte, aurkitutako altxor arkeologiko bakoitzaren historia arakatzeko. Azken
pausoa, berriz, gizarteari informazioa zabaltzea izango da.
Hala ere, «ikatz pila bat» topatu dutela aurreratu zuen arkeologo
aintzatetsiak, eta hain zuzen, «gizakia kobazulo honetan egon zirela adierazten
du horrek».
Lezetxiki kobazuloa
ikusten duenak harritzen jarraitzen du. Duela gutxi Urkiaren sagua (Sicista
betulina) espeziearen arrastoak topatu zituzten Arrizabalagak zuzendutako
Aranzadiko lantaldeek. Hori oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen; izan ere,
Pleistozeno berantiar garaitik datorren espeziea da, eta gaur egun, Moskun
baino ez da aurkitzen, hango klimatologia hotza dela-eta. Hori gutxi balitz
bezala, abana bat aurkitu zuten mimo handiz indusketa lanean ari ziren
«arkeologo» gazteek.
Izendapenaren
zain
Arrizabalagak
oroitarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du Lezetxiki kobazuloa
ondare kulturaltzat hartu». Ildo horretan, bere sumindura agerian utzi zuen:
«1991. urtetik ari gara eskaerak bidaltzen eta oraindik ez dugu erantzunik
jaso».
Egun, kobazuloak
dauden lurrak Arrasateko Udalaren jabetzakoak dira. Erakundeak erosi egin behar
izan zituen, behar bezala babestu ahal izateko. Lakuaren jarrera axolagabearen
aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arrasateko Udalak eta Aranzadi Zientzia
Elkarteak beren indarrak batu egin dituzte aurten, urte hasieran, kobazuloa
zaintzeko eta kultur ondare izendapena eskatzeko. Tamalez, saiakerak ez du espero
zuten erantzuna jaso.
Ezin da ahaztu,
kobazulo honetan arkeologikoki eta historikoki balio handiko aurkikuntzak egin
direla: hiru giza espezie desberdinen fosilak (Homo heidelbergensis,
neanderthalensis eta sapiens); primate baten arrastoak ere bai(«Berberia
makakoa» -ustez, Europan bizi izan ziren azkenetariko bat-); hiru hartz espezie
desberdin, bi lehoi mota; errinozerontea; mamuta; bisontea... Horren guztiaren
ondorioz, Lezetxikiko aztarnategia «penintsularen iparraldeko historiaurreko
zentrorik garrantzitsuenetarikotzat jotzen dugu», nabarmendu zuen
Arrizabalagak.
Era berean, hartzei
buruzko ikerketan buru-belarri ari direla jakinarazi zuen arkeologoak, «hemen
bizi izan ziren hartzak haragijaleak edo karniboroak zirela, eta ez soilik
belarjaleak -uste ohi den bezala- frogatzen saiatuko gara».
1986. urtean hasi
ziren Lezetxi kobazuloaren indusketa lanak, Joxemiel Barandiaranek (Ataun,
1889-1991) egindako lehen ikerketei jarraituz. Arkeologo eta antropologo honen lanei
esker, euskal folklorearen historia «Europako aberatsena» dela gogorarazi zuen
Arrizabalagak.
Hasieran, kobazulo honetako lanek lau urte iraungo zutela uste izan bazuten
ere, jada, 26 urte luze daramate zeregin horretan eta dagoeneko 7,5 metroko
sakoneran egin dituzte indusketa lanak. Arrizabalagaren ustetan, «hiru urte
gehiago» egongo dira lan egiten, hala ere, denbora zehaztea ez da erraza, ez
baitakite zer aurkituko duten.